Bilatu nahi duzun testua

Elkarrekin urrunago

Kontaktua

  • Bizkaia944 180 852
  • Gipuzkoa943 211 213

Ohiko galderak

Badago diru-laguntzarik igogailua instalatzeko?

Arkitektura-oztopoa kentzen eta etxebizitza kolektiboetarako sarbideen baldintzak hobetzeko, autonomia-erkidegoek eta udalerriek hainbat laguntza-programa dituzte, eta diru-laguntzak ematen dizkiete etxe horretan erroldatuta dauden eta igogailua jartzen duten jabeei.

 

Deitu, eta argituko dizugu zer diru-laguntza dauden eta zein eskuratu ditzakezuen.

 

Bestela, hurbilena duzun administrazio publikora ere jo dezakezu. Bestalde, hiriak, auzoak eta eskualdeak birgaitzeko sozietate publikoak ere badaude. Horietan, informazioa eta aholkularitza emateaz gain, lizentzien eta diru-laguntzen izapideak ere egiten dituzte.

Birgaitze-zerbitzua kontratatu ondoren, beste zerbait egin behar dut?

Gure birgaitze-zerbitzua kontratatu ondoren, jabeek hau bakarrik egin behar dute:

 

-     Dagozkion diru-laguntzen izapideak egiteko behar den dokumentazioa ekarri.

 

-     Hauek sinatu eta onartu: egikaritze-proiektua, udal-lizentziaren eskaera, segurtasun-koordinatzailearen izendapena eta behar diren zerbitzuen (elektrizitatea, telefonia eta abar) kontratazioa.

Gure eraikinean instala daiteke igogailurik?

Gaur egun, eraikin gehien-gehienetan instala dezakegu igogailua. Hainbat irtenbide dugu horretarako, erakin bakoitzaren ezaugarrien araberakoak, udal-arauen eta herri-inguruaren araberakoak eta abar. Ohikoenak eskaileren erdiko guneko, patioko eta fatxadako igogailuak dira.

 

Hala eskatuz gero, gure teknikari/saltzaileetako bat joango da zuen etxera, bideragarritasun-azterketa (doan), eta, nahi izanez gero, eskaintza ekonomikoa egitera.

 

Irtenbide berezietarako arkitekto, ingeniari eta eraikuntza-alorreko bestelako profesionalen aholkua dugu, erabat doan.

Jabeetako bat legez salbuets daiteke igogailuaren instalazioa ordaintzetik?

Aho batez onartutako eta idatziz jasotako hitzarmen baten bidez, jabeetako batek ordainketarik ez egitea hitzar dezake jabe-batzarrak.

Nola kalkulatzen da jabe bakoitzak ordaindu behar duen instalazio-portzentajea?

Jabetza-eskrituran duen parte-hartzearen kuotarekiko proportzionala izan behar du jabe bakoitzak legez ordaindu behar duen zenbatekoak, etxebizitza guztiak (baita sartzeko igogailurik behar ez dutenak ere), etxabeak edo merkataritza-lokalak, garajeak, trastelekuak eta abar kontuan izanik (baita karrerarako sarrerarik ez dutenak ere).

 

Jabeen batzarreko bozketaren emaitza gehiengo indartua edo "gehiengo soila" bada, eta jabe bat (edo alokairuan dagoen pertsonaren bat edo bizilagunen bat) minusbaliatua edo 70 urtetik gorakoa bada, jabe guztiek ordaindu behar dute instalazioaren gastua, eraikinaren banaketa horizontalean edo jabe-komunitatearen sorrera-batzarrean beste zerbait espresuki adierazten ez bada.

 

Halaber, jabe-komunitateak beste ordainketa-moduren bat hauta dezake, betiere jabe guztiek hala onartzen badute.

Zein da instalazio-irtenbide egokiena?

Hirigintzaz eta baimenak kudeatzeaz eta halakoez arduratzen diren teknikariek xedatu ohi dute lehenik, etxearen ezaugarriek horretarako parada ematen baldin badute, eskaileren erdiko gunean ipini behar dela igogailua; bestela, patioan, eta azkenik, fatxadan.

 

Irizpide orokor gisa, kale-mailatik sartzeko moduan egon behar du igogailuak -ahal dela, betiere-, eta solairu guztietako etxeei eman behar die zerbitzua. Horrez gain, gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonek erabiltzeko modukoa dela bermatu behar da.

 

Gure teknikari/saltzaileek emango dizute instalazio-aukera guztien abantaila eta desabantailen berri.

Zenbat balio du gure eraikinean igogailua instalatzeak?

Hauen guztien araberakoa da prezioa: hainbat motatako instalazio-irtenbideak, igogailu-motak, igogailuaren gelditze-puntuak, egin behar diren obra zibilak, akaberen kalitatea... Hori dela eta, prezio-aukera zabala dago.

Zenbat boto behar dira igogailuaren instalazioa hitzartzeko?

Jabetza Horizontalaren Legeak zehazten du zer gehiengo behar diren jabe-komunitate batean igogailu-zerbitzua ezartzea onartzeko, bai eta jabe bakoitzak zer betebehar duen ere, gastu horri eta zenbatekoari dagokionez.

 

Lege horrek hau ezartzen du:

 

-          Jabe-batzarrean "gehiengo indartua" lortzen bada (jabe guztien 3/5en aldeko botoa, eta, era berean, parte-hartzearen kuoten 3/5), igogailu-zerbitzua jartzea onartuta geratuko da, eta, gainera, jabe guztiek ordaindu behar dute (baita etxebizitza, lokal, garaje eta abarren jabeek ere), jabetzaren eskriturek besterik ez badiote behintzat.

 

-          Jabeetako bat (edo alokairuan dagoen pertsonaren bat edo bizilagunen bat) minusbaliatua edo 70 urtetik gorakoa bada, eta jabeen batzarrean gehiengo soila lortzen bada (jabe guztien erdiek baino gehiagok ematea aldeko botoa, eta, era berean, parte-hartzearen kuoten % 50 baino gehiago izan behar dute), onartuta geratzen da igogailu-zerbitzua ezartzea, eta jabe guztiek ordaindu behar dute, jabetzaren eskriturek besterik ez badiote behintzat.

 

Horrez gain, 1995eko maiatzaren 30eko 15/95 Legearen arabera, jabe-komunitateak baimendu egin behar du igogailu-zerbitzuaren instalazioa jabe bakarra badago (edo alokairuan dagoen pertsonaren bat edo bizilagunen bat), 70 urtetik gorakoa edo minusbaliatua bada. Gastuak hark ordaindu behar ditu, eta obrak jabe-komunitatearen onurarako geratzen dira.

 

Autonomia Erkidego batzuek beren legeria dute; Kataluniak, adibidez. Han, gehiengo soilaren irizpidea ezartzen da beti, minusbaliaturik edo 70 urtetik gorakorik egon ez arren.

Zenbat denbora behar da igogailua jartzeko?

Igogailuaren instalazio-prozesua argi bereizten diren elkarren segidako bi fasetan egiten da:

 

Heltze-fasea:

 

Kontratua sinatzen denetik instalazio-obrak hasteko baimen guztiak lortu arteko denbora-tartea.

 

Kontratua sinatu eta instalazioaren dekorazio-alderdi guztiak hitzartu ondoren, elkarri lotutako hiru prozesu abiatzen dira, aldi berean. Horien araberakoa da instalazio-obren hasiera-data:

 

-          Egikaritze-proiektua gauzatzea eta udal-lizentzia izapidetzea.

-          Bezeroaren dokumentazioa jasotzea eta dagozkion diru-laguntzak izapidetzea.

-          Segurtasun-koordinatzailea izendatzea, segurtasun-plana egitea eta onartzea, lan-zentroa irekitzea eta abar.

 

Fase horretan erakunde publikoek parte hartzen dutenez (udalak, elkargo ofizialak, autonomia-erkidegoak eta abar), prozesua ez dugu guk osorik kontrolatzen.

 

Heltze-fase horretarako epe zehatzak ezartzea zaila izan arren, orain arte egindako instalazioetan hartu dugun esperientziarekin, aholku emango dizugu, zure bizilekuaren arabera.

 

Gauzatze-fasea:

 

Instalazio-obrak hasteko baimen guztiak eskuratzen direnetik lanak bukatu eta igogailua martxan jarri arteko denbora-tartea.

 

Egikaritze-epeak oso desberdinak izaten dira, aukeratutako instalazio-irtenbidearen arabera (igogailu-mota eta egin behar diren obra gehigarriak): 90 eta 240 egun bitartekoak.

 

Gure birgaitze-kontratu guztiek zehazten dute zer gauzatze-epe beharko den behar diren baimen guztiak eskuratzen direnetik hasita.

Zer da birgaitze-zerbitzu berria?

Birgaitze-zerbitzutzat hartzen dugu zure eraikinean igogailu bat instalatzeko eta martxan jartzeko egin behar diren izapide, obra, instalazio eta zerbitzu osagarri oro. 

Parte hartzen duten erakundeetan (udala, autonomia-erkidegoa, hornidura-konpainiak...) egin beharreko izapide administratiboen konplexutasuna da jabe-komunitateek izaten duten oztoporik handienetako bat. 

Horregatik, "giltza eskura" gure birgaitze-zerbitzuan hauek sartzen dira: 

  • Obra-proiektua egitea.
  • Udal-baimena eta gainerako baimen administratiboak bideratzea.
  • Dagozkion diru-laguntzak bideratzea.
  • Segurtasun-koordinazioa, kanpoko enpresa espezializatu baten bidez.
  • Segurtasun Plana egitea eta onartzea.
  • Igogailua diseinatzea, fabrikatzea, instalatzea eta legeztatzea.
  • Egin beharreko obra zibila egitea (igeltserotza, errementaritza, elektrizitatea, pintura...).
  • Jabe-komunitatearen beharrei egokitutako finantzazioa. 

Nahi baduzu, gure teknikari/saltzaileetako bat zuen komunitatera joango da, zehatz-mehatz azaltzeko zer obra zibil egin behar den, nolako igogailua eskaintzen den eta gure birgaitze-eskaintzan zer beste zerbitzu osagarri sartzen diren.

Zer finantzazio-mota eskaintzen du ORONAK?

Hainbat finantzazio-eredu ditugu, bezero bakoitzaren beharretara egokitzeko. Zuzeneko finantziazio-formulak eskain ditzakegu interesik gabe, edo, bestela, kanpoko finantziazioaren bidezkoak (kreditu-erakunde laguntzaileak).

Zer gertatzen da jabe-batzarrera bizilagun gutxi joaten badira?

Lehen deialdian quorumik ez badago (parte-hartzearen koefizienteen % 50ek han edo ordezkatuta egon behar du), bigarren deialdia ezartzen da. Han hartzen diren erabakiak baliozkoak dira, bertaratzen diren jabeen kopurua edozein dela ere. Horretarako, jabe-batzarraren jakinarazpena behar bezala egin behar da, eta bi deialdien ordutegia jarri behar da. Bien artean, gutxienez, ordu-erdiko aldea utzi behar da.

 

Legez, jabe guztiek jakinarazi behar diote idazkariari jakinarazpenetarako helbide bat; bestela, baliozkoak izango dira eraikinean duen jabetzara egindako jakinarazpenak (lokala, pisua, etab.).

Zer gertatzen da jabetza pribatu bat kaltetu behar bada igogailua instalatzeko (normalean, garajeak, sotoak, trastelekuak eta lokalak)? Kasu horietan, instala daiteke igogailua?

Kaltea jasango duen jabeak hauek egiteko eskubidea du:

 

-       Txosten tekniko, eskaintza eta obra-proiektu gehigarriak eskatzekoa.

-       Proiektu merkeena egin beharrean bere jabetzari kalte txikiena egiten dion proiektua gauzatzea eskatzekoa.

-       Kalte-ordaina eskatzekoa, kaltetutako jabetza-zatia dela eta.

 

Arazo horiek guztiak ezagutzen ditugunez, instalazio-irtenbide espezifikoak garatu ditugu behar horietarako (zulo txikiak, ihes txikiak eta abar), jabetzetan ahalik eta eragin txikiena izateko.

 

Dena dela, lehenik eta behin kaltetutako jabearekin edo jabeekin negoziatzea gomendatzen dugu, instalazio-irtenbidea hitzartuta, bai eta diruzko kalte-ordaina edo beste kalte-ordainen bat ere (ordaintzeaz salbuestea), beharrezkoa bada.

 

Gure teknikari/saltzaileek aholku emango dizute horrelako negoziazioetarako.

 

Batzuetan, ez da lortzen ados jartzea kaltetutako jabeekin. Halakoetarako, abokatu espezializatuak ditugu. Nahi baduzu, beharrezkotzat jotzen diren legezko neurriak hartzeko aholku emango dizute, eta zure ordezkari izango dira.

Zer pauso eman behar dira gure eraikinean igogailu bat instalatzeko?

Lehenik eta behin, instalazio-aurrekontua hitzartu eta esleitu behar da jabe-batzarrean, eta bileraren aktan jaso behar da hori.

 

Jabetza Horizontalaren Legeak hauek ezartzen ditu: zer gehiengo behar diren, jabe bakoitzak zer betebehar dituen eta zenbat ordaindu behar duen, bai eta jabe-batzarrean onartzeko lege-prozedura ere.

 

Nahi baduzu, aholku emango dizugu lege horretan ezarritakoari buruz (behar diren gehiengoak, kuotak, prozedurak...), eta jabeen arteko negoziazioetan ere lagunduko dizugu.

 

Bestalde, finka-administratzaileak, abokatuak eta abar ditugu, esperientzia handikoak jabeen artean halako hitzarmenak egiten.

© Orona. Eskubide guztiak erreserbatuta